Eskola Txikiak, zer dira?
Eskola Txikietan, aniztasuna erabat aberasgarria dela pentsatzen dugu. Horregatik, ikasleen aniztasunak indartzen saiatzen gara, norbanakoak izan ditzakeen gaitasunak besteenen parean jarriz.
Beharrezkoa da ume guztiak ezberdinak direla kontuan hartzea eta, aldi berean, baita biziko dituzten ikaste prozesu guztiak ere ezberdinak izango direla ulertzea ere. Horregatik, umeen aniztasun horri egoera ezberdinak eskaintzen dizkiogu, egoera didaktiko ugari eta ezberdinak, umeak gaitasun ezberdinak garatzen joan daitezen. Ume guztiek ikasiko dutela, eta euren garapenean aurrera egingo dutela bermatuz, betiere.
Adin aniztasuna da Eskola Txikiok elkartzen gaituen talde proiektuaren oinarri nagusia. Adin ezberdinetako ikasleak elkartzeak interakzioa aberastu egiten du; pentsaera, estrategi, bizipen jarrera anitzagoak sorrarazten ditu; ikasleen arteko harremanak errealagoak egiten ditu, kooperazioa indartzeko eta konpetitibitatea ahultzeko bideak zabaltzen ditu, elkarrengandik eta elkarrekin ikasteko ditugun aukerak areagotzen ditu… Azken finean, inklusiorako bideak zabaltzen ditu.
Herri txikitik mundu zabalera begira
Gertukotik abiatzen dira gure eskoletan ikaste prozesuak, gertutik urrutira, herri txikitik mundu zabalera. Inguruarekiko interakzioan bizi garenez, garrantzitsua da, haurren garapen prozesuari norabide hau ematea, gertuko horretan esperimentatzeko aukera emanez, manipulaziorako eta interakziorako bideak zabalduz, pausoz pauso, etorkizunean mundu zabalean mugitzeko eta aurrera egiteko beharrezkoak izango dituzten gaitasunak garatuz.